Nafarroako Gobernuko kontseilari Rebeca Esnaolak gaur aurkeztu du, Larra-Belagua zentroan, “Larra-La Pierre 360” Europako proiektua. Proiektuaren helburua da turismo jasangarria eta irisgarria sustatzea Erronkaribarrean eta Pirinio Atlantikoetako eskualdean. Aurkezpenean parte hartu du, halaber, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidente Jean-Jacques Lasserrek. Ekitaldia El Ferial eraikinean egin da.
Haiekin batera, proiektuko 12 erakunde bazkideak ere izan dira bertan: NICDO sozietate publikoa, Ramón Urdiáin zuzendari kudeatzailearekin eta Julen Garjón Larra-Belaguako arduradunarekin batera —NICDO eta Larra-Belagua dira proiektuaren buru diren erakundeak—; Urzainkiko alkate Tomás Urzainqui; Izabako alkate Carlos Anaut; eta Erronkaribarko Batzar Nagusiko presidente Amparo Viñuales. Frantziako ordezkaritzatik, berriz, honako hauek parte hartu dute: Aretteko alkate Pierre Casabonnek, Aramitzeko alkate Jean-François Cazeauxek, Santa Graziko alkate Maryse Othartek, Biarno ibarretako Abeltzain Elkarteko presidente Marion Osirinik eta Goi Biarno Turismo Bulegoko presidente Lydie Althapek.
Europako proiektu honek bere jarduerak Erronkaribarrean eta La Pierre Saint-Martin Harriaren inguruan, Baretousen (Goi Biarno), garatuko ditu. Proiektuaren ordezkariek azpimarratu dutenez, bi lurraldeek “1375ean sinatutako Hiru Behien Zergara arte doan harreman eta lankidetza historia dute. Itun hori mugaz gaindiko lankidetzaren hastapentzat jotzen da, eta gaur egun Europako proiektu honetan gauzatzen da berriro, bi lurraldeen arteko elkarlana ardatz hartuta. Kasu honetan, bi ibar hauetan turismo jasangarria garatzeko, hazkunde ekonomikoaren, biztanleria finkatzearen eta enplegu- nahiz ekintzailetza-aukera berrien eragile izan dadin”.
Eski-pistetan eta erabilera turistikoko eraikinetan hobekuntzak
Guztira, “Larra-La Pierre 360” proiektuak 4,977 milioi euroko aurrekontua du, eta horietatik 3,25 milioi euro Interreg programaren bidez diruz lagungarriak dira. Nafarroaren kasuan, Europako funtsek 1.285.098 euro jarriko dituzte; horri esker, tokiko erakundeek aurkeztutako proiektuen %65 arte finantzatu ahal izango da. Proiektu horien guztizko zenbatekoa 1.977.075 eurokoa da.
Nafarroan aurreikusitako jardueren artean daude Larra-Belagua eta La Pierre Saint-Martin lotuko dituen mendi-eskiko eta elurretako erraketen ibilbide bat sortzea; El Ferial inguruan via ferrata berri bat, eskalada-gune bat eta jolas-eremu bat egitea; El Ferialeko eta La Contiendako eski-pistak handitu eta hobetzea; El Ferial eta La Contienda eraikinak irisgarritasun-irizpideen arabera egokitzea; eta Izabako eta Urzainkiko udalek eta Erronkaribarko Batzar Nagusiak sustatutako proiektuak, besteak beste, ibilaldi turistiko berriak, iturriak berreskuratzea erabilera turistiko eta abeltzainetarako, bide historiko berriak seinaleztatzea, San Martingo Harriaren eremua berritzea eta Erronkaribarko Batzar Nagusiaren egoitzan hobekuntzak egitea.
Goi Biarnoan egingo diren jarduera nagusiak honako hauek izango dira: bidezidorrak (Aramits, Departamendua) eta ondare-balioa duten artzain-etxolak (Aramits) balioan jartzea; mendi-eskiko ibilbideak sortzea; azpiegiturak berritzea (Arette udalerriak Nelson Paillou txaleta berritzea, Departamenduak Pierre Saint-Martinen Etxea egokitzea barruko jarduerekin, eta La Verna leizean harrera-eraikina hobetzea); eta Pierre Saint-Martinen bisitariaren esperientzia hobetzea eta turismo-jarduerak dibertsifikatzea. Mendatearen balioa ere indartuko da Batzarraren Mugarriaren berrikuntzaren, ur-horniduraren eta txirrindularitza-eskaintza hobetzeko hainbat jarduketaren bidez, baita Aretteko hirigunean egingo diren esku-hartzeen bitartez ere. Horrez gain, interes turistikoko proiektu berrien bideragarritasun-azterketak egingo dira, hala nola geoparke bat sortzeko aukerari buruzkoak.
“Proiektu honek erabat erantzuten dio turismo jasangarria eta natura-ondarearen babesa sustatzeko Europako lehentasunari. Helburu horiek dira turismoaren zuzendaritza nagusiaren politika publikoen oinarri nagusia. Eta hori guztia benetako lankidetzaren bidez egiten du, Nafarroako eta Frantziako 12 erakunde bazkideren artean, administrazio publikoak, tokiko erakundeak eta lurraldeko eragileak helburu komun baten inguruan elkartuz. ‘Larra–La Pierre 360’ turismo-proiektu bat baino askoz gehiago da. Lankidetzaren aldeko apustua da, mendiaren kudeaketa berritzailearen aldekoa, ingurumen-jasangarritasunaren aldekoa eta Pirinioetako lurraldearen garapen orekatuaren aldekoa. Azken batean, gure ibarrak bizirik, dinamiko eta erakargarri mantentzeko aukera da, tradizioa eta modernitatea eskutik doazen leku gisa”, azpimarratu du Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak.
Frantziako erakundeen izenean, Lasserre presidenteak nabarmendu du “Baretous eta Erronkariren arteko harreman historikoen indarra, Europako proiektu egituratzaileetan beste bazkide batzuekin elkartzea ahalbidetzen duena. Proiektu hau funtsezkoa da etorkizunera begira turismoaren dibertsifikazioa eraikitzeko, bi ibar hauentzat ezinbestekoa den erronka bati erantzuteko, eta mendiko ibar horiek bizi eta erakargarri mantentzeko. Halaber, azpimarratu du bertan diren alkateek datozen hiru urteetako lankidetza-dinamikan izango duten zeregin erabakigarria”.
Gaur El Ferial eraikinean egindako aurkezpenarekin batera, proiektuaren jarraipena egiteko lehen lan-mahaiak ere abiatu dira. Bertan, mugaren bi aldeetako 12 erakundeak bildu dira. “Larra-La Pierre 360” proiektua %65ean kofinantzatu du Europar Batasunak, Interreg VI-A Espainia–Frantzia–Andorra Programaren bidez (POCTEFA 2021-2027). POCTEFAren helburua Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugako eremuaren integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da.




