Pauko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitateko (UPPA) Aisia, Turismoa eta Lurralde Garapena masterraren (LTDT, frantsesezko siglen arabera) lehen promozioak Erronkari ibarra bisitatu du aste honetan. Helburua mendiko turismo jasangarriago baten erronkak lekuan bertan ezagutzea izan da, Larra-La Pierre 360 proiektuaren baitan.

Urriaren 21ean, 25 ikaslek eta haien irakasleek Izaba eta Larra-Belagua bisitatu zituzten. Jardunaldian, Carlos Anautek eta Pedro Antonio Pilatek, Izabako Udalaren izenean, eta Julen Garjonek, Larra-Belagua NICDOren izenean, lurraldearen errealitatea aurkeztu zieten. Neguaz haratago jarduera indartu nahi duen iraupen-eskiko estazio bat dago bertan, turismotik eta artzaintzatik bizi den mendiko herri bat, eta zaindu beharreko natura-gune babestu bat.

Trantsizio turistikoa lekuan bertan aztertzen

UPPAk erakunde elkartu gisa parte hartzen du Larra-La Pierre 360 proiektuan. Mendiko turismo jasangarrirako trantsizioak aztertzen duen esperientzia ekartzen du, bere turismo masterraren eta trantsizio ekologikoari buruzko doktore-tesi baten bidez.

Bisita hau lehen urratsa da. Proiektuak iraun bitartean, UPPAko ikerketa-taldeak tailerrak antolatuko ditu ikasleekin, neguko kirol-estazioetako trantsizio turistikoari buruz. Ikasleek mugaren alde banatan dauden Larra-Belagua eta La Pierre Saint-Martin aztertuko dituzte.

Etorkizunerako prestatzen ari den lurraldea

Klima-aldaketak mendiko estazioak beren eredua birpentsatzera behartzen ditu. Hain zuzen ere, norabide horretan ari da lanean Larra-La Pierre 360. Erronkari, Baretoi eta Santa Grazi ibarrak urte osoan dinamizatu nahi ditu, haien natura- eta kultura-ondarean oinarrituta. Ikasleen eta UPPAko ikerketa-taldearen begiradak eskaintza turistiko jasangarri eta dibertsifikatu hori eraikitzen lagunduko du.

Larra-La Pierre 360 proiektua % 65ean kofinantzatzen du Europar Batasunak, Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF/FEDER) bidez, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra Programaren (POCTEFA 2021-2027) esparruan.

Leave a Reply